lunes, 13 de diciembre de 2010

Mus-Mus - Juan Mari Irigoien


Debekatuz eta debekatuz
—baita musa bera ere!—
dibertitzen dira asko
jaun Bele eta jaun Belasko.

Nik, ordea, musaren musika dut maite,
zeren askatasunarena ere baden,
gaur egun bai bederen.

Handira jo du Belek enbido,
txikira Belaskok hordago,
eta ni… hemen ezinean:
dinbilin-danbalan,
ea pareetan zorterik badudan…

Zertan ari naiz, baina,
pareak ere ez baditut,
are gutxiago duplesak…?
Kontxara etorri omen dira
ez dakit nongo markesak!

Jokoz kanpo utzi bainaute,
jokorik ere ez dut, jakina:
nirea, baina, beste joko bat da jada,
jokoa bihurtu baitut jolas,
gure arteko solas…

Hemen nago, bai, hitzekin jolasean,
bai baitira beste musika asko,
bele-belaskoen karranketatik aparte:
txolarreak egiten du txio-txio,
zozoak fiu-fiu,
eta galeperrak poxpolin:
uraren begian dantzan Marisorgin!

Musak alde ditut, gainera
—muskuiluak ere bai, antza—,
eta asma dezadan zerbait,
ea nire aldera
                makurtzen dudan balantza:

Mus-mus,
poto bat titanlux!
Mus-mus,
gora Starlux!
Mus-mus,
tranbia edo autobus!
Mus-mus,
armagileak ipurdian bi obus!
Mus-mus,
flamenko andaluz!
Mus-mus,
gaizki galbiltzak diruz!
Mus-mus,
Botín jaunarekin kontuz!
Mus-mus,
kartak erakus!

Baina ni elebiduna naiz,
eta, gogoak halaxe aginduta,
bi eletan jolastuko naiz,
bareen herrian barraskiloa apaiz:

Mus-mus, 'musaraña',
itsusia haiz alajaina!
Mus-mus, 'musculoso',
gihartsua haiz oso!
Mus-mus, 'muslo',
mus-mus, izter:
arkakusoa saltoka
bazterrik bazter!

Horaziok ere ederki 
  laburbildu zuen
      gure egoera esperpentikoa
                        esaldi bakarrean:
'Parturiunt montes,
nascetur ridiculus mus'. 

Musa debekatuz
dibertitzen dira asko
jaun Bele eta jaun Belasko,
'¡qué asco!'

ESKUBIDE GUZTIAK DENONTZAT,
baita muslariontzat ere, zer arraio!,
gero arte, aio… gero arte, aio…

No hay comentarios:

Publicar un comentario