domingo, 5 de diciembre de 2010

Badator Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimendua



Euskal Herriko herritarrok zuzenki eta modu aktiboan inplikatu behar dugu denok nahi dugun
ziklo aldaketa lortzeko. Herri honek denbora gehiegi darama alde askotariko indarkeria eta
inposaketa dinamika batean murgildurik, eta horrek galarazten digu marko demokratiko berri bat
sortzea gure bizitza politiko eta soziala libreki garatzeko.


Behingoz aldaketarako aukera benetakoak daude, eta norabide horretan hainbat urrats egin
dira. Nolanahi ere, eskubide urraketak gertatzen ari dira oraindik, helburu dutenak prozesua
oztopatzea, atzeratzea edo boterearen zein interes politiko edo alderdikeriazkoen menpeko
bihurtzea.


Alabaina, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak nahi du prozesuak aurrera egin dezan
behingoz. Bizitza eta askatasun eskubideak bermatuak egongo diren eskenatokia nahi dugu;
libreki erabakitzeko eskubidea, bazterketa eta betorik gabe; denendako etorkizun baketsua eta
askatasunezkoa edukitzeko eskubidea. Ez ditugu blokeoak eta atzerapenak ametituko zikloa
goitik behera aldatzeko prozesuan eta pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen
eskenatokia lortzeko bidean.


Duela hilabete batzuez geroztik hainbat ekimen abian jarri dira Euskal Herrian eskubide zibilen
aldeko mugimendu bateratua, irekia eta askotarikoa martxan jartzeko. Mugimendu hori
erabakigarria izango da aldaketa prozesua bide onetik joan dadin. Horiek horrela, herritar eta
gizarte eragile askok adierazpena egin genuen irailaren 11n Bilboko Kafe Antzokian egindako
bilkuran. Adierazpena berretsia izan zen urriaren 2an Bilbon egin zen manifestazio jendetsuan
eskubide guztiak pertsona guztiendako aldarrikatu zituena.


Garaia da Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduari bulkada erabakigarria
emateko. Mugimendua auzo, herri, eskola, unibertsitate eta mugimendu sozialetara hedatu
behar da. Denok mugitu eta konprometitu behar dugu bakea, demokrazia eta askatasunezko
eskenatokia lortzeko. Aldaketaren motorra izan behar dugu, blokeoak, oztopoak eta
atzerapenak gaindituz. Euskal jendartearen interes orokorraren alde egin behar dugu honako
hauek eskuratzeko:


• Euskal herritarrak protagonista nagusiak izatea eta, beraz, iniziatiba hartzea parte-
hartzea eta gizarte mobilizazioaren bidez aldi berri bat has dadin, non eskubideak
bermatuko baitira.


• Estatu Espainiar eta Frantsesek, estatu demokratiko eta zuzenbidezkoei dagokien
gisan, berehala eta egiazki bermatuko dizkiete beren eskubide zibilak norbanako zein
kolektiboei, inolako salbuespenik gabe.


• ETAk erantzun berehalakoa, irmoa eta baiezkoa emango die Bruselako Adierazpenak
zein Gernikako Akordioak egiten dizkioten eskaerei.


Deia egiten diegu Euskal Herriko herritarrei eta gizarte, kultura, kirol zein aisialdi eragileei
Eskubideen Zibilen aldeko Mugimendua sustatu, antolatu eta garatzeko, nahi dugun ziklo berria
lortzeko ezinbestekoa baita. Horretarako, heldu den abenduaren 10ean, Giza Eskubideen
Nazioarteko Egunean alegia, kalera atera behar dugu “Eskubide guztiak denentzat” lemaren
pean, mugimendua mugituz gauzatzen dela erakusteko eta askatasuna, bakea, justizia soziala
eta demokraziarantz zuzentzeko.


Euskal Herrian, 2010ko Abendua
mugimenduasortzen@gmail.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario